2018-01-11

Kike Amonarriz eta Iker Martinez de Lagosen hitzaldia, Barakaldon.

“BARAKALDON EUSKARAREN ERABILERA HANDITZEKO PALANKAK”


Datorren ostegunean, urtarrilak 18, Kike Amonarriz hizkuntzalari eta aurkezleak eta Iker Martinez De Lagos Euskaltzaleen Topaguneko kideak hitzaldia eskainiko dute Barakaldoko Clara Campoamor kultur etxeko auditoriumean, arratsaldeko 19:00etan hasita.

“Barakaldon euskararen erabilera handitzeko palankak” izenburua izango duen solasaldian gaur egungo egoeratik abiatuta aurrera egiteko dauden aukerak baloratuko dituzte hizlariek eta parte hartzaileek.

Barakaldon, ia Euskal Herri osoan bezala, azken hamarkadetan nabarmen igo da euskaraz hitz egiteko edo ulertzeko gai diren pertsonen kopurua. Hala ere, herri gehienetan bezala, Barakaldon ezagutzaren gorakada horrek ez du ekarri, oraingoz,  erabileraren igoera esanguratsurik.

Zeintzuk dira euskararen egoeraren  gako  inportanteenak? Zer gerta daiteke hurrengo urteetan? Zer mezu, proposamen eta jokaera izan daitezke eraginkorrak euskararen ezagutzarekin batera erabilera ere areagotzeko? Zein da egiteko horretan  herritar eta entitate euskaltzaleek duten funtzioa? Zerk mugitzen gaitu?

Hitzaldia Sasiburu euskara elkarteak, Udal Euskara Zerbitzuak eta Euskaltzaleen Topaguneak antolatu dute. Hiru eragileek Barakaldoko euskaltzaleentzako hausnarketa-prozesu irekia antolatu dute hurrengo asteetarako, eta hilaren 18ko hitzaldi hau gogoeta kolektibo horretarako abiapuntua izango da.


                            


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina