2016-03-26

UDABERRIAN EUSKARAZ


Udaberri honetan SASIBURU elkartekook hainbat jarduera antolatu dugu kasu batzuetan beste elkarteekin elkarlanean.Momentuz aurrerapen gisa apirilean antolatu ditugun ekitaldi batzuen berri emango dizuegu.
Hasteko, apirilaren 13an arratsaldeko 19:00etan "BIZI BARATZEA" liburuaren aurkezpena izango dugu Jakoba Errekondoren eskutik Clara Campoamor kultur etxean eta EGUZKI elkarte ekologistaren laguntzaz.
Bestetik, apirilaren 21ean arratsaldeko 19:30ean "Putinen goardasola" antzezlan dibertigarriaz gozatzeko aukera izango dugu San Bizenteko kultur etxe horretan ere.Horrez gain, apirilaren 30ean gaueko 21:30ean Zuazoko Centro galegoan bertso afari paregabea antolatu dugu KILIKA bertso eskola eta Arteagabeitia-Zuazoko IBARRETA auzo elkartekoekin batera. Tiketak erosteko argibideak laster emango ditugu.
Azkenik, euskara gaiari buruz hitzaldi sorta bat antolatu dugu, baita antzerkialdi baten antolaketan eman dugu geure laguntza. Azkenengo ekimenen berri aurrerago emango dizkizuegu.

 
ETOR ZAITEZ ETA ONDO PASA. BADAKIZU, UDABERRI HONETAN EUSKARAZ!!